Zer da Ulibarri?

Ulibarri ikastetxeen hizkuntza normalizazioaren gaineko programa da. 1996-1997 ikasturtean jarri zen martxan, eta une honetan 400 ikastetxe inguru dira programan parte hartzen ari direnak. Ulibarri programan sartutako ikastetxeek euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko egiten dituzten ahaleginak berariaz babesten ditu Hezkuntza Sailak. Horrezaz gainera, ahal den neurrian, euskararen erabilera zabaldu eta sendotzeko ekimenak baloratzeko irizpideetan lehentasuna ematen zaie ikastetxe horiei. Hizkuntza normalizazioko Ulibarri programak euskararen erabilera indartzea duenez helburu nagusi, programan sartu nahi duten ikastetxeek beren hizkuntza normalizazioko proiektua eratu behar dute.

BERRITZEGUNEETAKO AHOLKULARIEN

Lotura Interesgarriak

Azken albisteak

Euskarabentura 2020

  1. 2019.12.10
  2. B01 HNA

2020ko Euskarabentura izena emateko epea zabalik da. Informazioa emango diezu ikasleei?

EuskarAbentura elkarteak 2020ko espedizioa aurkeztu zuen lehengo egunean, antolatzen duten hirugarrena, 54. Durangoko Azokaren ekitaldien barnean. Hirugarren edizio honetan 2003 eta 2004 urteetan jaiotako Euskal Herriko eta diasporako gazteek aurkeztu ahal izango dute haien hautagaitza, hau da, 16-17 urtekoek. Horretarako motibazio gutun bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte martxoaren 15a baino lehen (15a barne). Lanak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioaren laguntzaz ebaluatuak izango dira eta kalitate oneneko lanen egileek 2020ko uztailaren 1etik 31ra egingo den espedizioan doan parte hartzeko beka lortuko dute, bizitzan behin biziko duten esperientzia paregabea.

 

Hautagaitza proiektua egiteko aurten aukeran dauden hiru gaiak hurrengoak dira: “Natura plastifikatua”, “Euskal emakume sortzaileak” eta “Mugak gaindituz integraziora bidean”. Era berean, lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Proiektuei buruzko xehetasun guztiak EuskarAbenturaren webgunean daude eskura eta izen-ematea plataforma honen bitartez egin ahal izango da. Espedizioan parte-hartzeko hautatuak izango diren gazteen zerrenda ere bertan argitaratuko da, apirilaren 15ean.

Informazio eta argazki iturriak:
Euskarabentura
Zuzeu

54.a. DA!

  1. 2019.12.05
  2. B01 HNA

Gaur goizeko 10:30ean zabaldu dituzte Landakon 54.aldiaren ateak. Ikasleak izango dira protagonistak. Nagore Arinek Berrian idatzi duenez "

"Ekintza ugari antolatu dituzte, horien artean, Trakamatraka tailerra: musika eta sormena uztartzen ditu.

Indartsu hasi da Durangoko Azokaren 54. aldia. Ateak ireki bezain laster sartu dira bisitariak azokara. Ikasleen goiza da gaurkoa, eta ikasleei bideratuta daude gaurko jarduera gehienak. Hala ere, adin guztietako jendea bildu da, eta azokaren korridore eta postuetan barrena ari dira aurtengo eskaintza andana ikusten. Ohi bezala, jende ugari pilatu da azokako hainbat salmahaitan; nabarmentzekoak, bi: En Tol Sarmiento eta Zetak musika taldeenak. Ikasle gaztez bete da postu horien ingurua, musikariekin argazki bat egin eta atera berri duten diskoa sinatzeko asmoarekin."

Joateko asmorik baduzue, webgunean sartzea merezi du.

 

Informazio iturria

Argazkia: Marisol Ramirez/ FOKU

DA webgunea

Euskararen Egunari buruzko hiru artikulu

  1. 2019.12.03
  2. B01 HNA

Gaurkoan 3 artikuluen berri emango dizuegu. Lehenengoa, Garikoitz Goikoetxeak Berrian Euskararen Egunaz eta Euskaraldiaz idatzi duena; bigarrena, Argian Miren Osa Galdonak idatzia, euskaraz argitaratu zen lehen egunkariari buruzkoa da eta, hirugarrena, Arabako Aleak duela gutxi Euskaren Egunaren gaineko egunaz eta dataz argitaratu duena.

Argazkia, 1949ko Euskararen Eguneko idatziarena da. Iturria: Eusko Sare

1. Euskaralditik Euskaraldirako Euskararen Eguna:

"Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna da gaurkoa. Ekitaldiak izango dira han-hemen, bai herriz herriko euskara taldeek antolatuak, bai erakundeenak. EAEko instituzioek, adibidez, Bilbon egingo dute urteroko ekitaldi instituzionala, iluntzean. Hakoba batzordean dauden erakundeek —Eusko Jaurlaritzak; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek; Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek; Eudel udal elkarteak; eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak— adierazpen bat onartu dute Euskararen Egunaren harira: elkarlana eta «estrategia berriak» aldarrikatu dituzte.

Euskaraldia da, hain justu, bi ardatz horien zutabe nagusietako bat. Hura izan zen iaz Euskararen Eguneko protagonista: 11 eguneko ariketa abenduaren 3an amaitu zen. Datorren urtean ere hura izango da Euskararen Eguneko ardatza: hamabost eguneko ariketa izango da bigarren Euskaraldia, azaroaren 20an hasita. Lehen Euskaraldia gainditzea dute erronka: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloa hartu dute. Beste urrats bat egin nahi dute, eta norbanakoak ez ezik, entitateak ere mugiarazi nahi dituzte hizkuntza ohiturak aldatzeko. Arigune kontzeptua sartu dute: euskaraz eroso egiteko eremuak izango dira, barrura begirakoak nahiz kanpora begirakoak".

Gehiago irakurtzeko eta informazio iturria

2. Euskarazko lehen egunkari hura:

"Gutxi edo apenas izan du tarterik gure memorian, ustez lehen egunkaria izan behar zuen 1929ko saiakera hark.Hemeroteka webgunerako Argiaren materiala digitalizatzen ari zirela aurkitu zuten Armiarmako kideek izenik ez duen egunkariaren 0. zenbakia, Koldo Izagirrek botatako amuari tiraka. 1929an Donostiako Argia astekariarekin batera lehen euskal egunkaria izan behar zuenaren prototipo bat kaleratu zen, eta Josu Landak dion moduan, ez da kasualitatea orduan kokatzea lehen mugarria, besteak beste, Lizardiren eragina nabarmena baitzen. “Lizardik idatzia zuen orduko Euskadi Buru Batzarreko kideei graziarik egin ez zien artikulu bat, non sotanarik gabeko egunkari baten alde egin beharra aldarrikatzen zuen”.

Gehiago irakurtzeko eta informazio iturria

3. Zergatik ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an?:

"1995. urtean Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an izango zela ezarri zuten Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak.
Ate joka dugu abenduaren 3a eta, egun horretan, munduko bazter askotan ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, baina badira oso ezagunak ez diren zenbait bitxikeria ospakizun honen inguruan:

Ba al zenekien Euskararen Eguna guztiz lotuta dagoela Xabierko Frantzisko deunarekin? 1552ko abenduaren 3an hil zen Frantzisko, eta kondairak dioenez, hil aurreko azken hitzak bere ama hizkuntzan izan ziren, hots, euskaraz.
Ba al zenekien 1949. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna ezarri zuela? Euskararen Nazioarteko Egunaren lehenengo edizioaren dokumentua berreskuratu zuen Eusko Sarek."

Gehiago irakurtzeko eta informazio iturria

Itzultzaile neuronal berria aurkeztu du Elhuyarrek

  1. 2019.11.29
  2. B01 HNA

Itzultzailea izeneko itzultzaile automatiko berria aurkeztu du Elhuyarrek lehengo egunean: sarean web batean dabil eta aplikazio gisa ere erabil daiteke mugikorrean (oraingoz Android bertsioa, laster iOS ere bai. Azken hilabeteetan garatu izan diren itzultzaile neuronalen ondorengoa da, baina hizkuntza bikote gehiago ditu, haiek (Modela, Batua eta Jaurlaritzarena) euskara<>gaztelania binomioarekin zebiltzatelako, eta honek hartzen ditu baita frantsesa, katalana eta galegoa.


Itzultzaile neuronalen zerrenda:

Modela

Batua

EJ-ren itzultzaile neuronala

Elhuyarren itzultzaile neuronala

 

Informazio iturriak:

Berria

Sustatu

 

Durangoko Azokako 2019ko Kabia atal digitalak badu jada egitaraua

  1. 2019.11.25
  2. B01 HNA

"Durangoko Azokaren barruan izaten den Kabia teknologien atalak badu jada aurtengo egitaraua, Azokaren 54. ediziokoa (aurten abenduaren 5etik 8ra izango da).

Ostegun goiza, abenduak 5, ikasleen goiza izango da, eta tailer praktiko batzuk izango dira Kabian: MOON, konputagailu baten funtzionamendua ulertzeko mahai jolasarekin arituko dira ikasleak, Pablo Garaizar Deustuko Unibertsitateko irakaslearekin. Moon, izatez, mahai joko analogikoa da! (ilustraziorako, irudia joko honena hartu dugu).

Ostegun arratsaldea osatuko da beste bi aurkezpenekin:

ZUT aldizkari digital multimediaren aurkezpena, zeinean IXA izeneko websaila sartuko den. Bideo bertikaleko episodioekin osatutako euskarazko fikzioa gazteentzat da IXA.
Hirikilabs: Donostian Tabakalera zentroaren barruan garatu den "Hiri laborategiaren" aurkezpena.
Ostirala, abenduak 6, osorik Gamer eguna izango da Kabian. Bideojokoen zaletu euskaldunen eguna, Game Erauntsiako lagunek koordinatua.

Larunbata eta igandea osatuko dira aurkezpen desberdinekin:

Gure ondarea Wikidata eta Txikipediaren zurrunbiloan. Euskarazko Wikipediaren proiektu osagarriak, Iñaki Lopez de Luzuriaga Euskal Wikilarien Elkarteko lagunak aurkeztua, 7an, goizez.
7an, arratsaldez, AtopiaRPG - Rolcast (zuzeneko rol partida + podcasta, zuzeneko irratsaioa), Xabier Landabidearekin. Hain zuzen ere, iazko Azokaren Sormen Beka irabazi zuen Atopia euskarazko rol jokoaren proiektuak, eta hementxe da emaitza urtebete geroago.
BuruTek: Burujabetza teknologiakoa Euskal Herrian: aurkezpena, hitzaldia, bilkura. Koordinatzailea, Dabid Martinez. Abenduak 8, goizez.
8an, arratsaldez, 16.30etan. Diseinu Grafikoaren Glosarioaren aurkezpena.
8an, arratsaldez, 17.00etan. Egunean Behin mugikorrerako jokoaren arrakastaren aurkezpen bat, CodeSyntax jokoaren sortzaileekin.
Kabiako zikloa ixteko, igandean (abenduak 8), show txiki bat 18.00etan, Lorea Argarate eta Ines Osinagaren proiektu berriarekin: Mauriziak ez du inor hil."

Informazio iturria: Sustatu