EHB14-15. Ikasleen ezagutza eta erabilera: Arrue Proiektuaren azken datuak eta zabaltzen diren aukerak (II. zatia)

Hizlaria: Xabier Aizpurua (ISEI-IVEI)

Data: 2015-03-02

Jardunaldia: Eskola Hiztun Bila: XVIII. jardunaldia - Gasteiz, Bilbo, Galdakao, Lasarte.

Formatua: Hitzaldiaren bideoa

Azalpen laburra:

Arrue proiektua EAEko ikasleen eskola-giroko hizkuntza-erabileraren inguruko ikerketa-ildo bat da, 2004. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean garatzen dutena. Ikerketa honen helburua da eskolako hizkuntza-erabilerak neurtzea, deskribatzea eta aztertzea, “Ikasleen eskola-giroko hizkuntza-erabilerak zergatik dira diren bezalakoak?” galderaren erantzun posibleetara zientzia bidez hurbiltzen lagunduko diguten analisiak eginaz. Horretarako proiektu honetan darabilgun bideetako bat da hizkuntza-erabilera horiek nolabait baldintza ditzaketen hainbat aldagairekin nolako loturak dituzten kuantifikatzea, fenomeno osoaren ulermenean urratsez urrats aurreratzeko. 2010. urteaz geroztik, Arrue proiektuan zuzenean hartzen du parte ISEI-IVEIk, eta lankidetza horri esker lotu egin dira EAEko ikastetxe guztietan egiten den Ebaluazio Diagnostikoa proba eta Arrue proiektuko hizkuntza-erabileraren azterketa. Hala, 2011. urtean lehen aldiz, EAEko LMH4ko eta DBH2ko ikasle guztien eskolako erabileren azterketa egin da. Azterketa horren emaitzak zabaldu dira, eta horrekin batera, hizkuntza kontuetan aditu direnen artean emaitza horien irakurketa egiteko dinamika bati hasiera eman zaio (Ikasleak hiztun. 2011ko Arrue Proiektua. Ikerketaren emaitza. Adituen iritzi-azalpenak lanean jaso da dinamika horren lehen emaitza zabala). 2013. urtean bigarren aldiz egin da LMH4ko eta DBH2ko ikasleen hizkuntza-erabileraren azterketa Ebaluazio Diagnostikoa probaren bitartez. Azterketa horren emaitzak eta 2011ko datuekiko bilakaeraren berri emango da saio honetan. Ebaluazio Diagnostikoa proban, bestalde, ikasleen hizkuntza-komunikaziorako konpetentziak ere neurtzen dira, bai euskarazkoa eta bai gaztelaniazkoa. Horrek aukera ematen du ikasleen gaitasun erlatiboaren gaineko azterketak egiteko. Ikasleen euskarazko eta gaztelaniazko konpetentzia-datuak modu ezberdinean konbinatuz, gainera, hiztunen tipologiak eraiki ditzakegu, eta tipologia horiek urtez urte izaten ari diren bilakaera aztertu. Era berean, hiztun-tipologia horien eta eskolan neurtutako hizkuntza-erabileren artean nolako loturak ematen diren aztertzeko aukera ere zabaltzen da Arruen jasotzen ari garen datuen bidez. Guzti honi buruzko azalpen bat ere eskainiko da saio honetan, jaso diren datuek nolako azterketak egiteko aukerak zabaltzen dituzten adieraziz.

Bideoak:

Dokumentuak: