Antolamendua

Ikastetxe bakoitzaren barne-koordinazioa eta programaren baitako ikastetxeen arteko koordinazioa eman dadin, honako antolamendua du Ulibarri Programak:

 Hizkuntza Normalizazioko Arduradun Teknikoa (HNAT). Ikastetxeak irakasle arduradun bat izendatzen du, Ikastetxeko Normalizazio Proiektu eta Plana koordinatu eta dinamizatzeko. Ardura horiek betetzeko, Hezkuntza sailak asteko 3. 6 edo 9 ordu esleitzen dio ikastetxeari.

Hizkuntza Normalizaziorako Batzordea (HNB). Irakasleek eta beste estamentuetako kideek osa dezakete batzordea hau. HN Batzordearen eginkizuna ikastetxeko Normalizazio Proiektu eta Planak gauzatzea da.

HN Mintegia. Eskualdeko ikastetxeetako HNATak biltzen dira mintegian. Mintegi  horien koordinazio, dinamizazio eta formazio lanak Berritzeguneetako Hizkuntza Normalizazio Aholkulariak (HNA) hartzen ditu bere gain. Mintegia, gutxi gora behera, hilean behin biltzen da, eta azpitaldeetan bildu ahal dira, egoki iritziz gero. Ikastolen kasuan, Euskaraz Bizi Programa daramaten ikastetxeek beste mintegi batean hartzen dute parte.

Hizkuntza Normalizazioko Aholkularia (HNA). Arestian esan dugun bezala, EAEko Berritzegune bakoitzean Ulibarri Programaz arduratzen den aholkulari bat dago, HNA deiturikoa. aholkulari honen ardura nagusiak Ulibarri Programan dauden ikastetxeei jarraipena, aholkularitza eta formazioa ematea da.

Hizkuntza Normalizazioko Programaren Arduraduna (HNPA). Berritzegune Nagusiko Aholkularia da. Euskara Zerbitzuko teknikariekin batera, Ulibarri Programa osoaren kudeaketa eramaten dute, eta 18 Berritzeguneetako Normalizazio Aholkularien koordinazioaz arduratzen da.

Euskara Zerbitzua. Organikoki, Ulibarri Programa Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren  Euskara Zerbitzuaren programetako bat da. Hortaz, Euskara Zerbitzuaren NOLEGA ataleko teknikariak Ulibarri Programaren antolamendu eta kudeaketa esparruez arduratzen dira. 

Jarraipen eta Ebazpen batzordea. Euskara Zerbitzuaren buruak eta zenbait NOLEGA teknikarik eta Berritzeguneetako HN Aholkularik osatzen dute batzorde hau. Programa honetan sartuta dauden ikastetxeen jarraipena egitea da batzorde honen helburu nagusia. Bertan aztertzen dira, halaber, Ulibarrin sartu nahi duten ikastetxeen eskabideak. Azkenik, batzorde honi ere badagokio Ulibarri Programaren inguruko erabaki-proposamenak sailburuordeari helaraztea. 

Eskola Hiztun Bila jardunaldia. Ulibarri Programak urtero antolatzen duen jardunaldia, bereziki ikastetxeetako HNATei zuzendua, haien  formazioa hobetu eta esperientziak partekatzeko.

Baliabide digitalak. Ulibarri Programan dauden ikastetxeek on-line egiten dituzte programarekin zerikusia dute eginbide guztiak: alta, jarraipen eta baja eskaerak, diagnosi eta ebaluazio tresnak betetzea, proiektuak, planak eta memoriak idaztea… Horretarako, euskara zerbitzuak web gune eta aplikazio informatikoak jartzen ditu ikastetxeen eskura.