Hizkuntza Normalizazioko Proiektua

Lau urterik behin, Ulibarri Programan dauden ikastetxeek Hizkuntza Normalizazioko Proiektua (HNP) egiten dute. Proiektua egin ahal izateko, haien ikastetxearen euskararen egoera ezagutu behar dute. Horretarako Branka eta Mintzagrama izeneko diagnosi tresnak erabiltzen dituzte.

Lau urteko proiektu hori garatzeko, ikasturte guztietan Hizkuntza Normalizazioko Plana idazten dute ikastetxeek, Proiektuan zehazten diren helburuak lortze aldera, egitasmoak eta jarduerak zehazten dituena. Ikasturte amaieran, Planaren betetze maila deskribatzen da, Ikasturteko Memorian.

Ikasleak soilik ez dira Hizkuntza Normalizazioko Proiektuaren helburu. Ikastetxeko beste esparruak ere oso kontuan hartzen dira: irakasleak, gurasoak, administrazioko langileak... Guztiak barnebiltzen dituen plan osatua da HNP.

Plana eratzean oso kontuan hartzekoak dira, besteak beste: metodologia, irakasleen prestakuntza, testuinguru soziolinguistikoa, ikastetxearen abiapuntua eta antzeko aldagaiak.

Herriko erakundeekiko elkarlanean  jardutea ere behar-beharrezkoa da eraginkortasuna lortu nahi bada. Ikastetxeak eta inguruneak elkar elikatu behar dute. Normalizazioan diharduten beste erakunde eta eragileekin elkarren arteko lana eta osagarritasuna aintzat hartu behar dugu: udalak, euskara elkarteak...