Zer da Normalizazioa?
Minorizatua dagoen edozein hizkuntzaren normalizazioaren helburua hizkuntza horren ezagutza eta erabilera hedatzea da, dagokion eremu geografiko osoan eta gizartearen funtzio guztietan. Hori hezkuntza, politika eta kulturaren bitartez ematen den berrantolaketa prozesua da. Hizkuntza gutxitu baten normalizazioa honako lau xede hauek jorratuz egiten da:
Hiztun kopurua haztea.
Erabileraren maiztasuna handitzea.
Erabilera eremu eta funtzio anitzetara hedatzea.
Hizkuntza minorizatuaren presentzia areagotzen lagunduko duten erabilera-arau adostuak indarrean jartzea.
Normalizazio prozesuan, hezkuntza sistema eragile garrantzitsua da. Hizkuntzaren ezagutza, erabilera eta erabiltzeko motibazioa sustatu eta lantzeko funtsezko euskarria da eskola. Ziurrenik, euskararen kasuan behinik behin, normalizaziorako elementurik trinkoenetakoa.
Hortaz, ikastetxeetan ere euskara normalizatu behar da. Horretarako, aintzat hartu behar dira eskola-komunitateko eragile guztiak: ikasleak, irakasleak, gurasoak... Horien adostasuna bilatuz, orain arte landutakoa finkatuz, helburu lorgarriak jarriz, urratsez urrats aurrera egitea dagokio eskolari.